Neolitiko garaitik gaur arte bizirik darraien tradizio kulturalari eutsiz eta egungo baliabide eta tresnak erabiliz gure arbasoen lanbidea gure bizimodu bilakatu dugu. Baserriaren ustiaketa egungo baliabideekin egin arren, artzaintzaren betiko izaera gertu mantentzen ahalegintzen gara, naturaren zein animalien erritmo naturala errespetatuz.
Honela, ardiek negualdia beheko larretan igarotzen dute, erditze garaitik hasi eta antzutu arte. Udan berriz, goiko larreetan izaten dira, goiko larreetako baldintza klimatologikoak beharrezko baitira ardien osasunerako. Produkzio industrialetik aldendu eta artisauari eutsiz, larratze bidezko ustiaketa jasangarri baten alde egin dugu apustua.
Larrea:
Gure larreetako landaretza desberdina baliatuz esne kalitate onena lortzea da gure jomuga. Horixe baita Idiazabal gazta on baten aurrebaldintza, ardien ongizatearekin batera. 17 hektarea inguruko larretan bazkatzen dira neguan, eta udan Idiazabalgo herri larreak erabiltzen ditugu: Atxurbi, Ormalatza eta Hirumugata. Idiazabalgo mendiak Aralar eta Aizkorriko parke naturalen artean daude, inguru zoragarrian. Larre horiek ardien bazka dira eta udan zehar beheko larreak ebaki eta ondu egiten ditugu negurako. Mendez mende artzainek egin duten lan hori da, hain zuzen, gure larre paisaiaren jatorria.
Gure ardiak:
350 buru inguruko latxa artaldea daukagu egun. Europako ardi arraza zaharrenetako bat da latxa eta gure orografia eta klimatologiara ondo egokitutako ardia da. Larrean ohitutako arraza izanik, eguraldi oso txarrekin baino ez dago barruan edukitzerik. Arkumea eta esne bikainaz gain beste oinarrizko lehengai bat ematen digute ardiek: gatzagia. Etxeko esne-arkumeen gatzagia erabiltzen dugu gazta egiteko.